XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gazte hauen ustez euskarak ez du hizkuntza tekniko oso ona, hutsune handia ikusten da espezializazio edo arlo konkretuetan. Honetaz gain, gazte batzuk saiatu arren, jendeari zaila egiten zaio, jendea ez dago ohituta, adibidez, aseguruak, ekonomi hizkuntza aditzera.

Gainera, hizkuntza teknikoa errezeloz begiratzen dute batzuk, kritika gogorrak eginez.

Beharbada hizkuntza teknikoaren zailtasuna, hizkuntza guztietan daukaguna, euskararen egoera gutxiagotuarekin nahasten da. Jendeak horrela bizi du, gabezi bezala.

Hizkuntza teknikoa lantzea nori dagokion galde egin diegu eta unibertsitateko irakasleak, Euskaltzaindia... aipatzen dira. Gazteek ez dute inolaz ere beraien behar bezala ikusten hizkuntza tekniko hori lantzea.

Dena dela, euskara lantzea, gaurko hizkuntzen pareko moldearen finkotasunera, ulergarritasunera eta erabilgarritasunera iristea etorkizuneko lehentasun bezala ikusten da (Ad.:. Garmendia, 1992).

Bukatzeko, esan, euskara lantzeak izugarrizko egitura berri mordoa ekarri duela eta ekarriko duela aurrerantzean ere, gizakiaren historian momentuoroko beharrei erantzun beharko diolako hizkuntzak.

Baina, hori ez da hizkuntzen berezko potentzialitatea, hiztun komunitateak egiten duen erabileraren araberakoa baizik. Hizkuntza hiztunak egiten du. Euskararen azkartasuna eta trebetasuna, hiztun horien azkartasun eta trebetasunaren araberakoa da.

Atal hau amaitu aurretik euskara batua eta euskalkien arteko auzia ere ekarri nahi genuke hona.

Dudarik ez; komunikabide, irakaskuntza eta ikusentzutekoen eraginez. aldaera dialektalak estandarrera hurbiltzen ari dira, aldaera hauek desagertzera heltzeraino zenbait kasutan. Haatik, ez duela hala izan behar defendatzera gatoz gu hona.